PR-A 68, “Mugarri luzearen bidexka” (Ikus mapa)

 

Deskribapena:
Aldatik abiatzen den ibilbide honek, ibiltaria Nafarroako ertzeraino eramaten du, Aldako Gurutzearen eta Arnabaren arteko muinoetara doan iparreko hegaletik igota.

Ibilbidearen ezaugarriak:
6,6 km. 280 metroko desnibela eta 2 h inguru.

 

Alda:

Rimona plaza. Arnaska kaletik abiatuko gara, herritik irteten garen arte. Bidean arku errenazentistak dituzten etxe batzuk ikusiko ditugu. Asfaltozko bideak hegoalderantz garamatza. Bidegurutze batzuk atzean utzi eta 500 metrora ezkerrera doan lurrezko beste bide bat hartu behar dugu 1. Bide horretatik, halaber, beste bidegurutze bat dago eta guk eskuinekoari heldu behar diogu.
 

100 metro ibili eta gero metalezko ataka bat pasa behar dugu. Biratu ezkerrera eta segi 50 metroan. Larre bat ikusiko dugu, erkameztiaren alboan eta hortik bide bat abiatzen da. Biratu eskuinera eta hor hasiko da igoera, zuhaizpean. Altuera hartzen dugun heinean, pagoak ikusiko ditugu erkametzen ordez. Izan ere, pagoak nagusitzen dira kota horretatik aurrera.

Kilometro luze bat ibili ostean basoa zabaldu egiten da eta bideak hartxintxarrezko pista zabal batera eramango gaitu 2. Pista hori 1.000 metroko altueran dago. Bidea toki lau batetik igarotzen da, Berrabiatik Gastiainera doan bidegurutze zabaleraino iritsi arte. Hor dago Nafarroarekiko muga eta beste bidegurutze bat ikusiko dugu.

Eskuinera doan bide bat utzi eta gero, aurrera egin behar dugu 3. Bideak gora egiten du, labore lurren ertzetik. 400 metro ibili eta gero, hesia zeharkatu behar da, bai eta pago eder bat ere. Larre bat dagoen tontor batera iritsi eta gero, bidegurutze bat dago. Ibilbidea ezkerretik doa 4, eta Gastianera doan antzinako bidea aurrez aurre uzten du.


Mugarri luzea (argazkia)

Handik eta hemendik ipuruak dituen lursail ireki batean 300 metro egin eta gero, hesi zaharra zeharkatu behar da. Bideak bira ematen du hor, eta pagadirantz doa. Beste 30 metro egitean bidegurutze bat dugu berriz ere. Ezkerrera jo behar dugu, ibilbideari izena ematen dion mugarri zaharra aurkitu arte. Mugarriak Nafarroarekiko muga markatzen du.

Aurrera goazela, hesitik 450 metro inguruan gaudela, Arnaba mendira doan bidea aurkituko dugu, ezkerrerantz 5. Bat batean gertaera tamalgarria gogora ekartzen digun hilarria ikusiko dugu. Toki horretan hasten da Haranera doan beheranzko bidea. Eskuinean pagadia dago bidea estutzen; bidearen beste ertzean, aldiz, erkametz gazteak daude gorantz egin nahian.

Arnabara doan bidea 550 metro atzean utzi eta gero, pagaditik datorren bide batek bat egiten du gure ibilbidearekin. 50 metrora bidegurutze bat dago. Guk aurrera egin behar dugu, pagadiak alboan zintzilik ditugula. 375 metro egiten ditugunean belarrezko bidexka bat sortzen da, basoaren azpiko aldean. Erkametzek pagoen tokia hartzen dute hor. Metro gutxira ibilbideak bide berde batetik jarraitzen du, ezkerretik. Lursail irekietatik doa.

300 metro jaitsi eta gero, larre bateko beheko aldearekin bat egiten du. Bideak aurrera egiten du, nabarmena den tokitik, eta pixkanaka altuera galtzen du. Azkenean, erkamezti eder eta zahar batean murgiltzen da. Basotik atera eta ataka metaliko bat zeharkatu behar dugu. Pistatik jarraitu, bidegurutze bateraino iristen garen arte. Hor ezkerreko bidetik jarraitu behar dugu 6, eta aurrez aurre utziko dugu Uribarri Harana.

Laboreen artean 800 metroko luze batean ibili eta gero, ibiltaria hasierako zementuzko bidera iristen da.

 
 
Informazio gehiago nahi baduzu, begiratu hemen: www.montanaalavesa.com