PR-A 66, “Santa Teodosia ermitaranzko bidexkak” (Ikus mapa)

 

Deskribapena:
Ibilbide ederra da, ibiltaria Santa Teodosiaren mendate bukolikoraino eramaten duena. Mendate puntan izen bereko ermita dago, mendiz inguraturiko zelaien artean eta inguruan pagadi itxiak dituela. Ermita alboan mahaiak, parrillak eta iturria daude.

Ibilbidearen ezaugarriak
7,8 km eta 260 metroko desnibela. 2 h 15’ inguru.

 

Done Bikendi Harana. Iturriko plaza:

Ibilbidea kale nagusitik abiatzen da. Kale amaieran eskuinera joan behar dugu. Herritik ateratzen garenean, maiatzeko zuhaitz ospetsua jartzen den tokitik pasatu behar dugu. Oraindik ere bizirik dirau ohitura horrek, eta hori azaltzen duen kartel bat dago bertan.

Bideak aurrera egiten du, ezkerra doan beste bide bat alboan utzita. 560 metro ibili eta gero, hilerrira iristen gara. Hor bidegurutze bat dago. Eskuineko bideari ekingo diogu, bidezoru oneko pista batetik. 1

Bideak zuzen jarraitzen du lursail handitako finken artetik. Tarte luze horretan, hodeiertzaren ikusmiraz goza daiteke ibiltaria. 800 metro ibili eta gero, Santa Teodosia errekastoak gurutzatzen du bidea. Putzutik jaisten da, oso emari gutxirekin.

325 m aurrera egiten dugunean, bidexken bidegurutze bat aurkituko dugu, uren etxola baten alboan. Ezkerrekoa hartu behar da 2, eta norabide horren arabera, bira eman mendirantz. Pixkanaka, igotzen joan. 1 km luze ibili eta gero, alanbrezko itxitura ikusiko dugu. Pasatu egin behar da. Euria egiten duenean, lokatz ugari izaten da zati horretan.

Basoko itxitura igaro eta gero, paisaia nagusitzen da erabat; atzean geratzen dira soroak. Bidearekin bat egiten duen beste alanbrezko hesi bat dago. Hala ere, berehala ikusiko dugu eskuinera doan bihurgune bat. Hortik joan behar dugunez, hesia albo batera geratuko da.


Santa Teodosiaren ermita, festa egunean. (argazkia)

Sasi itxien artetik gora kareharrizko haitzak irteten dira, 1000 metrotik gorako garaierako haitzak eratuz. Naturgune honetan deigarria da landare aniztasuna. Arteak, ametzak, erkametzak eta pagoak batera hazten dira, segizio bitxia eratuz. Alanbrezko hesia igarotzen dugunetik 475 metro ibili eta gero, beste hesi bat zeharkatu behar dugu. Horren atzetik, sasiak eta pagadia igaroko ditugu, eta azkenean lursail ireki batera iritsiko gara.

1 km ibilitakoan, bihurgune batera iritsiko gara. Bihurgunea basoko zabalgune batean dago, 960 metroko garaieran. Toki horretan bidegurutze bat dago: eskuineko bidea Aldatik datorrena da 3. Bide nagusitik igotzen jarraitu behar dugu. Bide horretatik zura ateratzen dute gaur egun, eta oso atsegina eta ederra da.

Aurreragoko toki zehatz batean, zorioneko uraska eta iturri bat daude eskuineko ertzean. Pago lehor (haya seca) izena du iturri horrek. Berriz ere aurrerantz egin eta beste hesi bat zeharkatu behar dugu. Hortik aurrera, ibilbideak arku itxurako bidea eratzen du, ibar bat igarotzeko. Bide horri jarraituta, toki errepide batera iritsiko gara segituan. Errepide hori Santa Teodosiaraino doa 4. Azken malda igotakoan, ingurune bukoliko bateraino iritsiko gara. Hantxe ikusiko dugu ermita historikoa.

Bideak, alabaina, aurrera egiten du. Tenpluaren fatxada nagusia eta iturria atzean utzi 5 eta guk aurrerantz joko dugu, trokarte ertzetik doan bidexkatik. Pagadian sartuko gara. Irtengune bat inguratu eta gero, malda bat ikusiko dugu, eta bidea estutuz joango da. Haitz batzuk gorantz irteten dira, arrosa kolorez. Haitz horiek erreferentziatzat balio dute, behean iturri bat baitago, eroritako pago baten alboan.

Metro gutxi batzuetara beste zabalgune batera iritsiko gara, eta hor bidegurutze bat dago. Eskuineko bidea baztertu egin behar dugu, mendirantz baitoa. Guk ezkerrekotik jarraituko dugu, eroritako bloke handi bat inguratuz. Ezkerrerantz biratu eta beherantz doan bidea hartuko dugu. Malda handi batean behera jaitsiko gara. Basotik ateratzean bailararen ikuspegi zabala miresteko aukera izango dugu. Tuparri gris eta urdinxkak dituen bidetik joan behar dugu. Euria egiten duenean guztia lokazten da. Azkenik, bideak bihurgunea eratzen du higatutako lurretatik, eta hortik Santa Teodosiarantz doan bidera iristen gara 6. Hortik, jada hurbil dugun Done Bikendi Haranera iritsiko gara, ibilbideari amaiera emateko.

 
 
Informazio gehiago nahi baduzu, begiratu hemen: www.montanaalavesa.com